XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

- Hori gora behera ez dio axolarik erantzun zion Petri zurginak, bere eskariz egindako armario hau jauregi barruan sartu besterik ez baita.

- Harritzen nau, bada, niri ezertxo ere ez esana nagusi jaunak.

- Bera kanpoan dela zerbait ekartzekoa bada, beti esan ohi dit.

- Ahaztu egingo zitzaion nonbait.

- Baliteke, baliteke... Zatozte, bada, ezin egonen baikara bera etorri artean zain.

Sartu zuten armarioa jauregi barruan, Txanton eta bere laguntzaileak bihurtu ziren etxera eta hurrengo hogeitalau ordutan ez zen ezer nabarmengarririk agitu.

Biharamonez, ordea, garaitsu berean, Txanton, berriro ere, bere laguntzaileekin, Etxezarreta jaunaren atezainarekin zen.

- Barka, atezain jauna, baina egia esan, okerreko lekura ekarri genuen armarioa. Ez zen honontzako.

- Banengoen ni gure nagusi jaunak ezertxo ere ez esana niri.

- Ekarri orduko pentsatu nuen okerrean ari zinatela.

- Bai, beste Etxezarreta batentzako izaki eta guri honerako zuzenbidea eman.

- Bai, bai, igarri diot. Gisa honetako okerrak edonork izaten ditu.

- Beraz, armario bila etorri gaituzu.

- Bai, horixe. Jarrai zakizkidate.

Txanton, beronen morroiak eta atezaina joan ziren armarioa zegoen jauregi-gelara eta atera zuten armarioa, kamioian etxera eramateko.